Otsaileko 3. astean zehar "Ezagutza eta balioak" ikasgaiko ikasleok aukera izan dugu Pablo Ruiz de Olano ikerlariak emandako ikastaro laburrean parte hartzeko. Pablo fisikaria da eta eta "Max Planck Institute for the History of Science”-en zientziaren historiaren ikertzailea da.
Zientzian balioek duten eginkizuna izan da ikastaro labur honen gai zentrala. Eta hori lantzeko, zenbait filosofo eta historialarien ikuspuntuak helarazi dizkigu- horien artikuluak guri ahalbidetu dizkigu, eta gelan horien ikuspuntuak aurkeztu ditu-.
Bere klaseekin ulertu eta barneratu ditudan ideiak elkarbanatu nahi nituzke.Horretarako, berak egin duen moduan, autore bakoitzak dioena atalka aurkeztuko dut jarraian.
THOMAS KUHN ( 1922 -1996)
Harritzekoa litzateke “Ezagutza eta Balioak” bezalako ikastaro batean Thomas Kuhnen izena ez agertzea; 60.hamarkadan eragin handia izan zuen zientziaren filosofian. Estatubatuarra fisikaria eta zientziaren filosofo eta historialaria izan zen.
argazkia: wikipedia
Bere obrarik ezagunena 1962.ean argitaratu zuen: The Structure of Scientific Revolutions. Bertan defendatzen du zientziaren eboluzioa ez dela ezagutzak metatzean oinarritzen, baizik eta paradigma zientifikoek aldaketak dakartzaten iraultza zientifikoetan. Horrek eragin handia izan zuen filosofoen pentsamoldean: bira historizista bat geratu zen hortik aurrera.
Liburu horretan, Kuhnek paradigmen artean "elkarneurgaitztasuna" (inconmensurability) dagoela zioen; hau da, paradigma ezberdinetako teoriak ezin konpara daitezke, ez dutelako sustrai bera konpartitzen. Kuhnen ustez paradigmak berak zientzia ebaluatzeko arauak ematen ditu, ez ordea, zeintzuk diren paradigma ezberdinen arteko teoriak aukeratzeko arauak.
Kuhnen elkarneurgaitztasunaren kontzeptua kritikatu zuten hainbatek; uste zuten paradigma ezberdinen arteko aukeraketa ezin dela irrazionala izan.1977.urtean aipatutako kritika horri aurre egin zion Kuhnek bigarren liburu batean: The Essential tension. Gelan, hain zuzen ere, Objectivity, value judgment, and theory choice pasartea landu dugu.
Artikuluan defendazen du berak ez zuela pentsatzen teorien arteko aukeraketa irrazionala denik bere ustez, paradigma ezberdinek komunean badituzte zientziarekin zerikusiarekin duten hainbat irizpide. Hau da, Kuhnen ustez, teoria bat beste baten gainetik aukeratzen laguntzen duten irizpideak existitzen dira:
Zehaztasuna: Teoria baten ondorioak bat etorri behar dute esperimentazioa eta behaketarekin.
Trinkotasuna: Teoriak barne koherentzia izan behar du, baita onartutako beste teoriekin bat egin ere.
Irismena: Teoriak behaketa partikularretik haratago dauden behaketak azaltzeko balio behar du.
Sinpletasuna: Teoria gai izan behar da fenomeno ezberdinak, tokian tokiko, baina batera ere azaltzeko.
Emankortasuna: Teoriak ikerketa eta emaitza gehiago ahalbidetu behar ditu, fenomeno berri edo behatu gabeei azalpena emateko gai izan behar da.
Halere, Kuhnek aitortzen du irizpide horiek jarraituta teoriak aukeratzea ez dela lan erraza, bi zailtasun direla eta. Alde batetik, aipatutako 5 irizpideak zehaztugabeak dira hau da, ez dakigu zehazki nola kuantifika daitezkeen; eta horrez gain, irizpideak batera kontsideratzen badira, kontraesankorrak izan daitezke bata bestearekiko. Hau da, zientzialari bakoitzak desberdin interpreta lezake balio baten nortasuna, eta gainera, pisu ezberdina eman liezaioke balio bakoitzari teoria bat, besteen gainetik, aukeratzeko garaian.
Hala eta guztiz ere, irizpide horien anbiguotasuna normala dela dio Kuhnek, izan ere, irizpideak jarraitzerako orduan, zientzialaria, gizakia izanda, bere testuinguruaren hainbat aspektuk baldintzatuko dute.; adibidez, ikerlari batek zientzialari bezala izan duen aurretiazko esperientzia eta norbera kokatzen deneko kontestu historikoa. Hori horrela, egokiagoa iruditzen zaio Kuhni, irizpideak baino, zientzialariak jarraitzen dituen maxima edo balioak deitzea aipatutako 5 irizpide horiei.
Eta maxima horiek ez dute soilik balio teoria bat aukeratzean ematen den prozesua azaltzeko, baita ere eztabaida arrazional bat irekitzeko teoria bat onartu edo deskartatzerako erabili behar diren maximen inguruan. Finean, teoria bat aukeratzeko 5 balioekin eraikitako algoritmo bat erabiltzea baino, balioen garrantziari buruzko eztabaidarako balioko lukete Kuhnen balioek.
ERNAN MCMULLIN (1924-2011)
Ernan McMullin filosofo amerikarrak hainbat gai landu zituen, tartean, aztertu zuen balioek zein eginkizun duten zientzian.
argazkia: wikipedia
Klasean landu dugun testua 1982.urteaan argitaratutako Values in Science deitzen da. Bertan McMullinek zientzia, giza ekintza bat denez, balioez josita dagoela dio, eta, are gehiago, balio horiek ezinbestekoak direla zientziak funtziona dezan. Era askotako balioak existitzen dira, hala nola emozionalak, moralak, ikertzen den objektuaren ezaugarriren baten araberakoak (caracteristic value) ...etab, eta denek bultzatu dute zientzialaria berari egokiena iruditu zaion moduan lan egitera. Historikoki justifika daitezke balio ezberdin horiek.
Baina McMullinek Kuhnek aurkeztutako 5 balioei balioei erreperatzen die; horiei epistemiko deitzen die eta zientzian horiek duten eta izan duten garrantzia azpimarratzen du artikulu honetan zehar. Zer dira balio epistemikoak McMullinen aburuz? Teoria baten estatus epistemikoa areagotzen duten balioak, hau da, teoria eta munduaren arteko lotura handiagotzen dutenak edota finean, azken helburutzat dutenak egiaren araketa egitea. Balio ez epistemikoak, McMullinentzat balio politiko, moral, sozial eta erlijiosoak dira; zergatik ez dira epistemikoak? Garai eta leku bakoitzean ezberdinak izan direlako. Epistemikoak, aldiz, historian zehar errepikatu egin dira eta teoria arrakastatsuak ahalbidetu dituzte.
McMullinentzat balio epistemikoak ezinbestekoak dira zientziaren prozeduran. Esanguratsua da characteristic value-ren barnean egite duen Evaluation eta valuing-en arteko bereizketa; lehenengoa objektu batek duen ezaugarri baten neurtzean datzan bitartean, bigarrenean, zein ezaugarri, besteen gainetik, ebaluatuko diren aukeratzea litzateke. Hain zuzen ere, azkenengo balio horren garrantzia mahaigaineratzen du McMullinek; teoria bat ebaluatua izan baino lehen ebidentzia nondik eta nola aterako den ebaluatu behar da, eta horrelako erabakiak hartzeko ezinbestekoa da balio epistemikoak ondo definituak egotea.
HELEN LONGINO (1944)
90. hamarkadan zientziaren ustezko objektibotasuna zalantzan jartze aldera, ikerketa zientifikoan eragina zuten balio sozial eta politikoak kontsideratzeari ekin zioten hainbat ikerlarik, horietan Helen Longino zientziaren filosofa amerikarra.
argazkia: wikipedia
Klasean 1995. urtean argitaratu zuen Gender, Politics, and the Theoretical Virtues aztertu dugu. Bertan Kuhnek aurkeztutako balio epistemikoen ustezko neutraltasuna kritikatzen du Longinok. Longinok balio epistemikoen nortasunean balio sozial eta politikoek eragina dutela defendatzen du, eta beraz, balio epistemikoak ez direla guztiz epistemikoak.
Longinok zientzia barneko faktore soziala kontuan hartu behar dela defendatzen du, izan ere, hori da zientziaren objektibotasuna, hein handi batean, ahalbidetzen duena. Nola? Lehenengo,kontuan hartu behar dugu zientzialariak gizakiak direla eta zientziaren helburua ez dela mundua deskribatzen duten egiazko enuntziatuak biltzea, baizik eta garrantzizko ezagutzak lortzea; baina zer da garrantzizkoa? Zientzialarien erantzunak ezberdinak dira, Longinoren aburuz norbanakoak background assumptions delakoak finkatuta ditu, hau da, zenbait isuri kognitibo barneratuta dauzka metodologia batzuk praktikatzera daramatenak. Eta zientzialarien arteko elkar kritika eta eztabaidaren ondorioz, isuri kognitibo horiek iragaztea posible da, hain zuzen ere, hori da, Longinoren ustez balio epistemikoek arrakasta izatearen arrazoi nagusia.
Baina arazo handia dago Longinoren aburuz: Komunitate zientifikoa homogenoegia da, eta horregatik, isuri kognitiboen iragazketa hori minimoa izan daiteke, eta balio epistemikoen neutraltasuna zalantzan jarri.Longinoren ustez, komunitate zientifikoa ahalik eta dibertsoen izaten saiatu behar da, kritika aberatsagoek isuri kognitiboetatik ahalik eta urrunen eramango luketelako.
Horrez gain, Longinok balio espitemikoak bestelakoak izan zitezkeela eta daitezkeela demostratzeko, artikuluan Kuhnen balio epistemikoen alternatibatzat, perspektiba feminista batetik egindako balio epistemiko edo, hobe esanda, “balio kognitiboak” proposatzen ditu, zeintzuk Kuhnenak bezainbesteko balioa eduki dezakete.
-Zehaztasun enpirikoa: Behaketa eta teoriak bat egitea da zehaztasuna, Kuhnen "trnkotasuna" balioak dioen bezala. Baina Longinok bestelako zehaztasun enpiriko baten beharra defendatzen du. Zientzialari feminista askok ikertu dutenez, sexuaren arabera banatzen duten programetan sexuen arteko diferentziak aurkitzea helburu dute. Hau da, hasieratik ondorio batzuk aterako direla kontuan hartzen badute sexuarekin lotuak, behaketak modu ezberdinena interpreta ditzakete edota metodologia bera egokia ez izan. Longinok definitutako zehaztasunak sexismoan oinarritutako isuri kognitiboen aurka egin behar du.
Berritasuna: Orain arteko teoriek kontuan hartu ez dutena kontsideratzea da berritasuna. Hala nola prozesu berriak, azaltzeko printzipio ezberdinak, kontuan hartu ez diren fenomenoak aztertzea. Izan ere, bizi dugun testuinguruan, fenomenoenganako hurreratzea, modu androzentristan ez egiteko orain arte egin ez den hurrenkera beharko litzateke.
Heterogeneotasun ontologikoa: Honek dio berdintasuna egon behar duela entitate ezberdinak kontuan hartzeko. Gauzek komunean dituzten berdintasunak baino, diferentziak ere kontuan hartu behar dira, entitate ezberdinak daudela onartu, eta horrela, entitateekiko pluralak izan daitezela teoriak. Desberdintasuna baliabide iturri da Longinorentzat.
Interakzioen konplexutasuna: Entitateen arteko interakzioak kontuan hartzen dituzten teoriak aukeratzean, askotan, fenomenoak kausa eta efektu noranzko bakarrekoak dira. Aldiz, Longinoren balioan oinarritutako teoria batean ez dago baldintza gainjarkor edo kontrolatzailerik, prozesuan faktore askok hartzen baitute parte eta euren artean elkar eragiten dute. Izan ere, soilik faktore bat kontuan hartzen bada, arriskua dago prozesuaren beste atal batzuk modu pasiboan funtzionatzen dutela ondorioztatzea; adibidez, ernalketa kontakizunetan gameto femeninoak pasiboak eta maskulinoak, berriz, guztiz aktibo eta determinatzaileak direla esan izan ohi da, eta hori ez da horrelakoxea.
Egokigarritasuna giza beharrei: Helburutzat botere politikoak eduki ordez, gizakion beharrei egokitutako teoriak eraikiko balira, osasuna eta ingurumenaren suntsiketa ekiditea sustatuko litzateke.
Boterearen difusioa edo deszentralizazioa: Zientzia egiten duten pertsonen artean boterea bakar batek eduki ordez, sakabanatuagoa izango balitz, elkar kritika handituko litzateke, onuragarria litzatekeena zientziaren neutraltasuna areagotzeko.
Longinoren helburua ez da balio epistemiko berriak ezartzea zientzian, berak adierazi nahi du balio epistemiko eta ez epistemikoak ez daudela banatuta, uste baitu denak direla kontestuak baldintzatutako balioak; izan ere, testuinguruak esango du zein balio egon behar diren-berak aurkeztutako balioak ditugu adibide- eta era berean, azken horiek eztabaida eta kritikek ahalbidetzen duten iragazketaren ondorio izan daitezke. Baina esan bezala, iragazketa aberatsa komunitate zientifiko heterogeneoak soilik ekarriko luke.
HEATHER E. DOUGLAS (1969)
Douglas zientzia filosofoa ezaguna da zientzian balioek duten eginkizuna eta zientzia politikan egiten duelako lan. Chicago Press-en 2013 an argitaratutako The Value of Cognitive Values irakurri eta eztabaidatu dugu.
argazkia: wikipedia
Douglasek dio balioetatik at dagoen zientzia egotea ezinezkoa dela, hau da, ideal ezin irisgarria dela baliorik gabeko zientzia. Halere, beste ideal bat marraztearen alde agertzen da, hain zuzen ere, zientzia politikarentzat erabilgarria izango litzatekeen ideal bat.
Bere ustez, balio etikoak beharrezkoak dira zientzian dauden arrisku epistemikoa ebaluatzeko. Zertan datza arrisku epistemikoak? Faltsua den hipotesi bat onartzea edota egiara hurbiltzen den beste bat baztertzea. Longinok dio hori gerta ez dadin, balio ezberdinak epaitu behar direla, teoria soilak ez baitigu esango zein erabaki hartu behar dugun teoria bat aukeratu edo baztertzeko.
Douglasek dio balio kognitiboak askotan unitate bat balira bezala justifikatu direla; horrek eragin du balioen arteko gatazkak egotera. Baina Douglasen ustez, balio horiek lau talde nagusitan banatuko balira, beharrezkoak izan ez diren tentsio horiek jaitsiko liratekeela. Taldeak ondo definitzea garrantzitsua litzateke, teoriak aukerako ebaluazioarako onuragarria litzatekeelako.
Hauek dira Douglasek teoria bat aukeratzeko irizpideak sailkatzeko banatzen dituen 4 talde handiak:
1.taldea (kriterio minimoa, teoriari aplikatua): barne-trinkotasuna.
2.taldea (kriterio minimoa, teoria eta ebidentziari aplikatua): egokitzapen enpirikoa
3.taldea (kriterio desiragarria, teoriari aplikatua): Irismena, sinpletasuna, botere esplikatiboa.
4.taldea (kriterio desiragarria, teoria eta ebidentziari aplikatua): Bateratzea, aurreikuspen berriak, zehaztasuna.
Aldez aurretik, Douglasek maila ezberdinak ezarri dizkie irizpide kognitiboei. Beharrezko eta desiragarriak bereizten ditu. Beharrezkoek (kriterio minimoa) garrantzia ezinbestekoa dute teoria bat aukeratzerako garaian; are gehiago, 1 eta 2.taldeak ez lirateke balio edo maximak, baizik eta bete beharreko ezaugarriak. Beste bi zakutan banatzen du kriterio mota bat: teoria bera nolakoa izan behar den ebaluatzen duen balioa eta teoria eta ebidentziak zein lotura duen ebaluatzen duena.
Douglasek egiten duen balioen maila banaketa horiek izan ezean, denak maila berean izango balira bezala, nahasgarria suertatzen da bakoitzaren aukeraketa. Gainera, historian zeharreko balio espitemikoen erabilera justifikatua izan da- McMullin eta Kuhnek adibidez- hain zuzen ere , talde bat bezala funtzionatu omen duelako balio sorta horrek-.
Hala, ez da harritzekoa balioen artean tentsioak gertatu direlaz jabetzea, izan ere, kontraesankorra izan da, teoria bat aukeratzeko garaian, bakoitza bananduta ebaluatzea, denak maila berean ezarri direlako -nahastuta unitate baten parte balira bezala-.
Baina behin Douglasek egin bezala, modu argian sailkatuta, balio ezberdinak justifikatu egin daitezke, historian zehar funtzionatu duten ala ez kontuan hartu gabe. Bere ustez, oraingo beharrei erantzuna eman behar zaien balioak jarraitu behar dira zientzian.
ONDORIOAK
Kuhn, McMullin, Longino eta Douglasek zientzian eragina duten balioen inguruan duten perspektiba nagusiak ezagutu ahal izan ditugu Pablok ahalbidetutako irakurketa eta gelako aurkezpen eta eztabaiden ondorioz. Ikuspuntu ezberdin horiek ezagutu ostean, autore guztiek defendatutako hainbat ideia nagusi gordeko ditut:
Kuhnen erakutsitako balioek zientziaren arrakasta ekarri dute, teoria sinple, bateratzaile, emankor...eta batez ere, fenomenoak azaltzeko eta aurresateko gai izan baitira historiako pasarte ezberdinetan. Halere, zientzialari bakoitzak balio batzuei indar gehiago eman izan diete, eta hori bere formakuntza eta kontestu historiak eragin du. Hala ere guztiz ere, balio horiek emankorrak izan dira, eta ezin uka daiteke, McMullinek esan bezala, historiak erakutsi
baitigu.
Baina McMullinek balio epistemiko eta ez epistemikoen arteko bereizketa egiten duen bitartean, Longinok dio Kuhnen balio epistemikoak bestelakoak izan zitezkeela, eta ez direla guztiz neutralak. Hau da, balio epsitemikoek funtzionatu egin dute, baina eraldatu ere egin daitezke, perspektiba feminista batetik egin daitezke adibidez. Longinoren ustez, balio espistemikoek arrakasta izan dute, hain zuzen ere, ikerlarien arteko kritika eta eztabaidek horiek iragazi egin dituztelako, neutraltasunaren bidean; halere, zientzialaiak homogeneoak diren heinean -adibidez, gizon aberats zuriak- iragazketa ez objektiboa eman daitekeela, pertsona ezberdinen beharrak ez asetzea dakarrena.
Douglasek arrisku epistemikoa gerta ez dadin, balio kognitiboak ondo definituak eta maila ezberdinetan banatuta- beharrezkoak, desiragarriak, teoriari dagozkienak eta teoria eta behaketaren arteko loturari dagozkienak- egon behar direla defendatzen du. Izan ere, teoria zientifiko neutral batera hurbiltzen saiatu aurretik ideal hori eztabaidatu beharko litzateke, eta horretarako balioak ondo definituak egon beharko lukete.
Bukatzeko, denek egiten dute bat zientzia balioz josita dagoela esatean, onartzen baitute zientzia gizarte ekintza bat dela, eta beraz, zientzialariariak ekintza bera eta inguruan duena ebaluatzea ezinbeskoa duela. Horregatik, zientzian balioek duten eginkizuna eztabaidatzea aberasgarria da benetan.
Nork daki etorkizuneko zientzian eragingo duten balioak nolakoak izango diren, baina hori bai, hein handi batean, oraingo balioen inguruko eztabaidak determinatu dezake.
ARTIKULUAK
Kuhn, Thomas S. 1977. ‘Objectivity, Value Judgment, and Theory Choice’. In The Essential Tension. University of Chicago Press.
McMullin, Ernan. 1982. ‘Values in Science’. PSA: Proceedings of the Biennial Meeting of the Philosophy of Science Association. 1982: 3–28.
Longino, Helen E. 1995. ‘Gender, Politics, and the Theoretical Virtues’. Synthese 104(3): 383–397.
Douglas, Heather. 2013. ‘The Value of Cognitive Values’. Philosophy of Science 80(5): 796–806.
Comments