Ezaguera beharrezkoa al da oinarri sendoa duen iritzi bat eraikitzeko?
Nire erantzuna, dudarik gabe, baiezko borobila da. Zenbat eta interes handiagoa izan gai baten inguruan, orduan eta ezaguera aberatsagoa lortzen dugu. Horrela, horrekiko gure iritzia kontzienteagoa bilakatuz. Erabaki bat hartzeko garaian, ezaguera minimo bat edukitzeak ezinbestekoa behar luke, ostantzean, oinarri sendorik gabeko erabaki bat hartuko genuke, justifikaziorik gabekoa.
Ezaguerak bakarrik laguntzen al du jarrera bat eraikitzen?
Uste dut ezetz, iritzi tinko bat eraikitzeko eztabaida eta analisi kritikoa beharrezkoak dira, txikitatik landu beharrekoak.
Zer gertatzen da erabakiak ausaz edo ezjakintasunetik hartzen direnean?
Hartutako zenbait erabakik ez dute ondorio handirik izango gure (eta gainontzekoen) egunerokotasunean, adibidez, egun euritsu batean etxetik irten baino lehen euritakoa ez hartzeak zu bustitzearen ondorioa ekarriko du, gerta dakizukeen larriena hotzeria harrapatzea litzatekeelarik.
Alabaina, erabaki askok, guri ez ezik, gizarte osoari ere eragiten diote. Adibidez, koronabirusa duen pertsona batek lanera joatea erabakiz gero, lankideak kutsatu eta ondorio larriak ekar ditzake, jakin badakigu hori.
Nola eragotzi jarrera ezjakinak?
Beste gauza askoren artean, garrantzitsua da gizarteak kultura zientifiko bat bereganatzea. Horretarako dauden bide eraginkorrenetarikoak zientziaren komunikazioa eta dibulgazioa lirateke.
Horren adibideren bat?
Zientzia biomedikoaren dibulgazioaren arloan, adibidez, “Genética y justicia” liburuko eranskinean Elliot Sober filosofoaren “El significado de la causalidad genética” testua daukagu.
Zertan lagundu dit artikulu honen irakurketak?
Artikulua irakurri ostean kausalitate genetikoari buruz gehiago ikasteaz gain, zientzia absolutua ez denaren ideia sendotu dit, zalantzarik gabeko funtsak egon badauden arren, beste hainbat eta hainbat efimeroak dira. Gure jakinduria baino handiagoa da gure ezjakintasuna, eta gainera, dakigun hori errealitate subjektiboa izan liteke.
Horrez gain, zientzia aldakorra dela gogorarazi dit; atzokoan gauza bati buruz esaten zena, agian gaur egun ez da guztiz zuzena edo ikerketa eta ezaguera gehiagorekin osatu beharko litzateke.
Zer ikasi dut kausalitate genetikoari buruz?
Artikuluan hezkuntza formalean eta nire kabuz ikasitakoa berresten da: fenotipoa geneek zehazten dute, baina baita norbere inguruko faktoreek ere. Bestetik, heredatzen ditugun geneen eraginaren proportzioa eta inguruak eragindakoarena bereizteko ezintasuna dagoela baieztatzen du, kasu zehatzetan salbu (hau oso zaila delarik).
Biologiarekin lotutako hezkuntzatik ez natorrenez, gauza berri garrantzitsu bat ikasi dut: hein batean zure genotipoagatik determinatuta dauden gaixotasun batzuk zure ingurua moldatuz saihestu daitezkeela. Genotipoa ez da beti azaleratzen, aurrez uste nuen ez bezala.
Hainbat gogoeta ere eragin dizkit:
Posible balitz pertsona baten geneak editatzea honek gaixotasun bat ez garatzeko, zilegi litzateke berdina egitea begi-bistaz osasuntsua den persona baten “hobekuntza” eragiteko?
Bestetik, medikuntzaren garapena dela eta, etorkizunean geroz eta ohikoagoak izango dira akastun geneak. Hautespen naturala saihetsiz, gene horiek daramatzaten gizabanakoen bizitza ahalbidetuko baita. Etorkizunean “akats” gehiago egongo dira zuzentzeko; horren aldean, gene akasdun horiek jaiotzatik ekiditea zilegi litzateke? Osatzea baino gehiago, aurre hartzea?
Azkenik…
Badago musikaren maitale denik, beste batzuk kirolzaleak dira, beste batzuk zientziaren jarraitzaile. Egia da mundu guztiak ez duela zertan zientziarekiko interes sutsu bat eduki, gustu kontua da, baina ezagutza eta interes minimoa beharrezkoak dira, ez soilik musika entzunaz edo kirola eginaz lortzen duzun plazera lortzeko, baizik eta gure gizarteko erabakiak hartzeko balioko digulako ere.
Kultura zientifikoaren geureganatzeak ez dauka mugarik. Honekin lotuta, “The Strokes”-en diska berriko abesti baten (Brooklyn bridge to chorus) bertso gogoko batzuekin amaituko dut:
Comments