1962. urtean argitaratutako The Structure of Scientific Revolutions liburuan, Thomas Kuhn (1922-1996) filosofoak paradigma zientifikoaren kontzeptua aurkeztu zuen. Horren esanahia ondoko hau da:
Komunitate zientifiko jakin batek onartzen dituen ezagutza, teknika, prozedura eta ustezkoen multzoa, horiek denbora eta testuinguru historiko jakin batean kokatzen direlarik.
Kuhn-ek zioen denboraldi batez egoten zirela indarrean paradigmak, beste batek, bat-batean, guztiz ordezkatzen zituzten arte. Paradigma baten pean egindako zientziari “zientzia normala” deitzen zion eta paradigma aldaketa hori egiten zeneko aldiari, aldiz, “iraultza zientifiko”. Kuhni normala deritzo zientzialariek ebatzi ezineko problemak izateari, baina ebatzi gabeko arazo hauek gailendu ezkero, paradigma baten aldaketa beharra legoke, hori krisian erori baita. Eta paradigma aldaketa bat gertatzeko, komunitate zientifikoaren gehiengoak igarri eta onartu beharko du aldaketa horren beharra.
Paradigma aldaketen adibide dira Kosmologian zientziaren barneko Ptolomeoren teoria geozentristatik Copernicoren teoria heliozentristarako egindako jauzia edo Aristotelesen Mekanikatik Newtonen Mekanika Klasikorakoa.
Karl Popper (1902-1994) filosofoak kritikatu egin zuen Kuhnek egindako "zientzia normala" eta "zientzia iraultzailearen arteko muturreko bereizmena. Popperren ustez, erdibideko zientzialariak existizen dira, hau da, indarrean dagoen dogmari jarraitzen diotenak baina baina baita dogma bera zalantzan jartzeko pentsamendu kritiko nahikoa dutenak ere. Are gehiago, arriskutsua iruditzen zitzaion ustezko muturreko zientzialari normal horien papera; izan ere, doktrinatutako pertsona horiek paradigma nagusiak ezarritako buruhausteak ebazten dihardute, bizitzako problema errealei erreparatu gabe.
Nolakoa izan beharko luke zientzialari batek? Normala ala iraultzailea?
Modu sinple eta elegantea Kuhnek deskribatutako zientziaren eboluzioaren estruktura: paradigmak aldatu egiten dira urteen poderioz, zientzialari iraultzaile batzuek beren desadostastuna erakusten baitute, ikusi dutelako lehen baliagarria zen paradigmaren gainbehera halabeharrezkoa dela, ez delako testuinguru berrira egokitzen. Hori gertatu egin dela ezin ukatu.
Zientzialari iraultzaile horren papera miresgarria eta beharrezkoa da, zalantzan jarri baitu ezarritako dogma; bere mugetatik kanpo atera da eta aztertu gabeko problema berriak ebazteko ausardia izan du, eta horrek zientziarentzat positiboa den ezagutza berria ekarri du. Ausardiarik gabe, geunden leku berberan geratzen gara.
Eta zientzialari normal horiei dagokionez, zer? Iraultzaileek esaten diotenari jarraitu behar al diete? Ardiak bailitzan? Beraiek egindako zientzia normalak ez du ezertarako balio?
Zientzia normalaren papera ezinbestekoa iruditzen zait. Egungo zientzialariek beren disziplinan ezarrita dagoen paradigmaren pean lan egiten dute eta hori oso lagungarria dela uste dut. Aurrera egiteko, zientzialari batek momentu horretan topatzen duen testuingurua ondo ezagutu behar du, nondik datorren, non oinarritzen diren bere disziplinaren euskarriak... Dena zalantzan jartzea, denarekiko kritiko aurkeztea, kaltegarria litzateke, izan ere, aurrekoek egindakoari konfiantzazko botoa eman behar dio zientzialariak, horrela bakarrik markatuko baitu bere bidea. Ezin da itsuturik, norberaren intuizioa solik jarraituta, ikertu.
Halere, zientzialari normal horrek Popperrek beharrezkoa ikusten zuen pentsamendu kritikoa garatua izan behar du. Egiten duenaren konziente izan behar da, ez baita robot bat, konbikzioak, ideia berriak dituen gizakia baizik. Eta iraultza baten aurrean, betidanik pentsatutako ideia horien birpentsamendua ere egiten ikasi behar du: Agian, uste genuenak, partez, ez du errealitatearen deskribapen egokia egiten, azter dezagun aurkeztua izan zaigun perspektiba berri honen bitartez.
Badaude iraultzaile, normal eta erdibideko zientzialariak.Denetarik egon behar da.
Comments