Arrazoitzea problemak ebazteko prozedura da, eta arrazoibide forma ezagunenak dedukzioa, indukzioa eta abdukzioa dira.
Zein izan beharko litzateke biderik onena zientzian?
Esan beharra dago ezagutza zientifikoa ekoitzeko ez dela arrazoibide bakarra erabiltzen, konbinatu egin ohi baitira. Hala ere, matematika eta logikan dedukzioa nagusitzen da eta beste biak, aldiz, zientzia esperimentaletan ohikoagoak dira. Eta arrazoibide onenari dagokionez, zaila litzateke onena zein den esatea, izan ere, “onena” dela subjektiboa baita. Hori baino, egokiago litzateke esatea metodo bakoitza “egokia” izango da testuinguru zehatz bakoitzean.
Hala ere, ezin dugu ukatu arrazonatzeko metodorik seguruena dedukzioa dela, zeinetan premisek (zerbait baieztatzen edo ukatzen duten perpausak) bere gain daramate ondorio orokorra. Metodo horrek hainbat premisa orokor kontuan hartu, eta kasu zehatzei azalpen edo ondorioak ematen laguntzen du. Baieztapenak egiak baldin badira, ezinbestez, ondo arrazonatutako ondorioa egiazkoa izango da; ez dago dudarik. Adibidez, narrastiak odol hotzekoak direla eta kokodriloak narrastiak direla baieztatzen badugu, ondorioa kokodriloak odol hotzekoak direla da; premisetan esana zegoen iada eta hauek egiak badira, ondorioa ere halakoxea da.
Bestalde, kausa zehatzetatik abiatzen garenean, arrazoibide ez deduktiboa erabili ohi dugu. Adibidez, indukzioa, premisa zehatzetatik ondorio orokorretara eramaten gaituen metodoa. Aurrekoarekin alderatuz, premisak egiazkoak badira ere, baliteke ondorioak faltsuak izatea. Ez da arrazonamendu ziurrena, hala ere, esan daitekeena ondorioa egia izateko probabilitate altua edo baxua dagoela, guztiz seguru ez bagaude ere. Adibidez, nirea ez den auzo bateko supermerkatu batera joan eta prezioak altuak direla ikusi dut, berdina gertatu zait baita ere farmazian eta tabernan. Nire ondorioa auzoa nahiko garestia dela da, hainbat baieztapenek iradokitzen baitidate hori. Momentuz, datu gehiago bildu beharko genituzke, baina ondorioa hau oso probablea dela esan dezaket.
Azkenik, abdukzioa daukagu, askok indukzio motatzat hartzen dutena. Kasu zehatz baterako azalpen bat eraikitzen laguntzen arrazoibide horrek, eta horretarako, hainbat hipotesi planteatzen dira, zeintzuetatik azalpen “sinple” edo logikoenak eraikitzen diren. Adibidez, ukuilu batean ardi batek errapeetan mina duela ikusi dugu eta beste batek, aldiz, apenas esnerik ematen duela. Atera dugun azalpen onena ukuiluko ardi askoren artean errapemina zabaldu izana da.
Esa bezala, dedukzioa praktikatzean, premisa orokorrek ondorio zehatzetara garamate eta hauek oso fidagarriak izan ohi dira. Baina, premisa orokor horietara iristeko ez al da beharrezkoa metodo induktiboa edo abduktiboa erabili izana? Orokortasunak eraikitzeko zehaztasunak behatu zana beharrezkoa da. Adibidez, Lurra esferoidala dela orokortasun bat da, baina baieztapen hori urteetan zehar datu zehatzen pilaketak egon direlako eta hipotesi horrek kasu zehatzak azaltzen dituelako dakigu.
Beharrezkoa da dedukzioa teoria eta lege tinkoak eraiki ahal izateko, baina indukzio eta abdukzioa hipotesi egokienak, logikoenak, pentsarazteko ezinbestekoak dira. Imaginazioa ere beharrezkoa da arrazonatzeko.
Comments