Kultura zientifikoaren hainbat eta hainbat definizio aurki daitezke sarean (nahiz eta euskaraz gutxi badauden ere). Honen esanahia are eta hobekien antzemate aldera, jarraian sarean aurkitutako 3 definizio aurkezten dizkizuet.
Batetik, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko mikrobiologaria eta bertako Kultura Zientifikoaren sailko zuzendaria den José Antonio Lópezek, "Biokimikaren eta Biologia Molekularraren Espainiako Elkartea"-ren webguneko "Divulgación" saileko artikulu batean horrela definitzen du kultura zientifikoa:
Jakintza zientifikoaren adar desberdinei buruzko ezagutza espezializatu gabeen multzoa, ezagutza horiei buruzko irizpen kritikoa garatzeko bidea ematen duena eta edozein pertsona hezik idealki bereganatuko lukeena.
Bestetik, “Humanidades Médicas” aldizkariko “Cultura científica y cultura científico investigativa” artikuluan honela ageri da:
Kultura zientifikoaren kontzeptua ez da maiz erabiltzen zientzialarien kultura profesionalari buruz hitz egiteko, baizik eta gizabanako edo kolektibo baten kulturaren zatiari buruz, zientzialarien ezagutzari eta jarduerei buruz.
Aurreko bi definizioek bat egiten dute kultura zientifikoa ezagutza multzo bat bezala tratatzean, nahiz eta bigarrena, ezagutzaz haratago joaten den, zientziaren eguneroko jarduera ere barne hartzen baitu. Biek azpimarratzen dute kultura zientifikoa ez dela zientzialarientzat bakarrik, izan ere, norbanakoak edo kolektiboaren kulturaren parte da. Azken hori lortzeko, heziketa zientifiko minimo bat beharrezkoa ikusten dute “Humanidades Médicas” aldizkariko kideek: “edozein persona hezik” bereganatu dezakeela diote. Lópezen ustez kultura zientifikoa irizpen kritikoa garatzeko bidea da eta ez soilik ezagutzak bereganatzea.
Azkenik, zientzia ikertzailea eta Michigango Unibertsitatean irakaslea den Jon Millerreren definizioa daukagu; hain zuzen, 2016 an Oviedoko Unibertsitatean emandako sinposioan alfabetatze zientifikoa (askotan kultura zientifikoaren sinonimotzat hartzen dena, batez ere Estatu Batuetan) hiru maila edo dimentsiotan mugatu daitekeela esan zuen:
Alfabetatze zientifiko zibikoak zerikusia duten hiru dimentsiotan kontzeptualizatu behar du: egunkari edo aldizkari batean ikuspegi lehiakorrak irakurtzeko behar den oinarrizko funts zientifikoen hiztegia, ikerketa zientifikoaren izaera ulertzea eta zientziak eta teknologiak gizabanakoengan eta gizartean duen eragina ulertzeko maila.
Beraz, Millerrek herritar baten alfabetatze zientifikoa bereganatzea (Estatu Batuetan Kultura Zientifikoaren sinonimotzat hartzen dute) aldizkari edo egunkari zientifiko bat irakurtzeko gaitasuna, ikerketa zientifikoaren nondik norakoak ulertzea eta garrantzitsuena, zientziaren eragin sozialak ulertzean banatu daitekeela esaten du.
Hiru definizioen arabera, badirudi kultura zientifikoa gizabanakoak eskuratzen edo duen zerbait dela, honek “ezagutzak” bereganatzen baititu eta zientzia eta honen “jarduera” eta “eragina” nolabait ulertzen baitu.
Ez da definizio hauen barnean sartzen gizabanakoarekin lotutako jarrera aktiboari buruzkorik, kultura zientifikoa edo alfabetatze zientifikoa ez den beste kontzepturen batek definituko duelakoan.
Comments