Zein da zientziaren azken muga?
Erantzuteko galdera zaila. Baina, egia da eskolan eta etxean behin eta berriro entzun dugula: zientziaren helburua inguratzen gaituen errealitatea deskribatzea da, gertatzen diren fenomenoak azaldu eta aurresatea. Eta hori ikuspuntu errealista batetik esana egongo litzateke (nahiz eta errealismoaren auziak horretaz haratago joan).
Eta ados nago hein handi batean. Baina, askotan, ezinezkoa zaigu kanpoan daukagun errealitate hori benetan nolakoa den jakitea, ez baitugu begi bistaz ikusten, nahiz eta bere efektuak nabariak diren. Horregatik, zientzialariek, fenomenoen inguruko datu horiek oinarritzat hartuz, modelo eta teoriak eraikitzen dira. Datuak datuak dira eta fenomenoa erreala dela ezin uka dezakegu; baina, teoria eta modeloei dagokienez, historiak erakutsi digun bezala, ziurgabeak dira. Paradigma zientifiko batetik besterako jauzian, teoria eta modeloak aldatu egiten dira, aldatzen ez den bakarra fenomenoen inguruko datuak direlarik. Fenomeno berak deskribatzeko azalpen eta aurreikuspen ezberdinak egin daitezke. Fenomenora gehien hurbiltzen den hark irabaziko du eta horretarako ikerketa eta denbora beharrezkoak dira.
Zientzialariak egin behar duen egiaren bilaketa ezinbesteko baldintza da; izan ere, zenbat eta gehiago jakin zerbaiti buruz, are handiagoa izango da horren gainean daukagun kontrola. Baina, errealitateranzko hurbilpenaren bide horretan, gure mugak ere onartu behar ditugu, dena jakitea ezinezkoa zaigula onartuz. Beste alde batetik, errealitatea ulertu behar da, baina baita dakigun horrek ea zerbaitetarako balio duen ere hausnartu beharra dago. Agian, zerbaiti buruz gehiago ikertzea alferrikakoa da, beste bide batetik ikertu behar da. Eta hori zaila da onartzen. Askotan, egiaren ezagupen osoa ez da beharrezkoa den zerbait; hori esango luke instrumentalista batek. Izan ere, instrumenalismoaren aburuz, teoria eta modeloek ez lukete errealitatearen argazki bat atera behar, hori baino, mundua maneiatzeko instrumentuak eraikitzeko beharrezkoa den interpretazioa egin beharko luketen. Zientziaren helburua mundua nahi dugun moduan maneiatzea, kontrolatzea ahalbidetzen digun instrumentuak eraikitzea litzateke.
Errealismoaren eta instrumentalismoaren ideiak, biak, baliogarriak dira zientziaren xedeak markatzerako orduan. Eta ez dugu ahaztu behar ere, askotan zientziak ez duela helburu zehatz batekin lan egiten, ez daukala finkatutako mugarik; ez dakigu zerekin egingo dugun topo, ezezaguneranzko bidaian baikaude. Dakigun bakarra zera da: atzo baino gehiago dakigu, eta biharkoek are gehiago jakingo dute.
Comments